Lagun iezaguzu · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2016
Lagun iezaguzu

LAGUN IEZAGUZU


GARBIKETAKO PRODUKTUAK

Hona hemen uraren kalitateari begira mehatxuak izaten diren produktuak: lixiba, hodien buxadurak kentzeko erabiltzen den soda kaustikoa, beirak garbitzekoa, lurzoruak garbitzeko argizaria, distira-emaileak, zilarra eta beste metal batzuk garbitzekoak, itsasgarria, altzarientzako bernizak eta garbiketa-lanetan erabiltzen den beste edozein produktu. Lehenik eta behin, osagai kimiko asko dituztelako, eta horiek beti aldatzen dituzte uraren parametroak; eta bigarrenik, kutsadura hori tratatzea oso zaila delako, eta, batzuetan, ezinezkoa.

Badakigu lan saihestezina dela etxe, bulego, nabe, auto edo garaje bat garbitzea. Baina saihestezina ez dena da minimizatzea ingurunean eragiten den inpaktua. Horregatik, edozein produktu-hondar garbigune batean eman ahal eta behar da: ez da bota behar tutuetatik behera. Adi, hondar organikoaren edukiontzian ere ez da bukatu behar, garbigune batean baizik. Hondar-frakzioaren edukiontzian bukatuko balitz, kutsatu eginen luke gainerako zaborra, eta emaitza diren lixibiatuak –hondakinak deskonposatuta sortzen den likidoa– lurzorura isuri, hura kutsatu eta higatu, eta akuifero, iturburu, erreka edo beste edozein naturgunetara iritsiko litzateke.

Era berean, produktu horien sorta ekologikoa erabiltzea gomendatzen dugu; normalean zailagoa da supermerkatuetan aurkitzea eta garestiagoa ere bada, baina gero eta leku gehiago hartzen ari da ingurunearekin konprometituta dauden herritarren erosketa-saskian. Marka ekologikoak kontsumitzea, zeinak ingurunearekiko errespetua ziurtatzen baitute, denon eskura ez dagoen keinu estra bat da, baina haiek erabili nahi eta ahal dituenak mesede eginen dio ondasun komunari.

Eta, azkenik, gutxiago kontsumitzeko aukera ere hor dago betiere. Kantitate gutxiago erabili garbitzean, hobeki aprobetxatu dosiak, erosi ontzi handiagoak gutxienez ontziarekin gutxiago kutsatzeko –izurrite ekologikoaren tamaina hartzen hasi da plastikozko ontzi txikien kopurua-, edo erabili produktu berbera objektu gehiago garbitzeko.

OLIOAK


Litro bat oliok mila litro ur ere kutsa ditzake. Bai, patatak edo haragi-xerra bat frijitu eta gero geratzen den olio kopuru txiki horrek. Edo lapikotik zuzenean harraskara botatzen ditugun olio-hondar horiek. Edo entsaladaren olio-ozpinaren, arrainaren, kroketen edo paellen hondar horiek. Keinu xume bat eginda, alegia, ontzi batean bildu eta olioa biltzen duen garbigune batean emanda, milaka eta milaka litro ur kutsatzea saihesten da. Izan ere, olioa, kopuru txikian bada ere, hondakin-uretara doa harraskaren edo WCren bidez, eta ur-emari guztia kutsatzen du zikinkeria-dosi estra batekin.

Nahiz eta hondakin-ura berez zikinduta egon, ez da gehiago kutsatu behar olioa edo botiken hondarrak boteaz, adibidez. Zer esanik ez termometroek barnean duten mekurioaz, konparazio batera. Osagai horiek ur zikinaren konposizioa aldatzen dute eta konplexuagoa bilakatzen dute ur horren tratamendua, eta, zenbait kasutan, ezinezkoa da hura erabat garbitzea ibaira itzuli baino lehen. Beraz, kutsadura emarian gelditzen da, eta denbora joatearekin, oso modu negatiboan eta oldarkorrean eraldatzen du ingurunea. Horixe gertatzen da arrainengan gertatzen diren mutazioekin, adibidez.

Olioaren kasuan zehazki, aski da keinu xume jasangarri bat egitea: hura ontzi batean biltzea eta garbigune batean ematea kalte handiagoak saiheste aldera. Gainera, horri esker beste erabilera batzuk birpentsatuko ditugu, eta baliteke kontsumoan aurreztea ere. Harraskatik botatzeko ohitura badugu, modu mekanikoan eta oharkabean eginen dugu, eta ez dugu pentsatuko jaki gehiago frijitzeko balio dezakeela, adibidez. Hala ere, ontzi bat prestatzen badugu olioa han gordetzeko bizitza baliagarria bukatzen zaionean, litekeena da pentsatzea erabilera alternatibo bat izan dezakeela, erabat bota baino lehen.

KOSMETIKOAK

Azazkal-laka, makillaje-kentzekoa, paper-zapi intimoak, serum konpontzailea, ile-laka, gomina, koloretako hautsak, makillaje-oinarria, ile-sorten tindua, adatserako koloretako maskarak, begien itzala, betile-maskara, ezpainen distira, aurpegiko bizkorgarria eta bururatzen zaizkizuen gainerako guztiak.  Bai gizonezkoentzat, bai emakumezkoentzat, merkatuak ehunka produktu kosmetiko eskaintzen ditu; normalean bainugelan aplikatzen dira horiek, eta, zoritxarrez, tuturen batetik behera botatzen dira azkenean.  Ordea, edozein produktu kosmetikoren hondar guztiek garbigune batean bukatu beharko lukete. Halaber, oinarrizko higieneko produktu bat: desodoranteak. Izan ere, bukaera kontrolatu bat duen guztia, adibidez garbigune batera eraman daitekeen guztia, askoz seguruagoa da ingurunearentzat, tutu batean barreiatu eta ukitzen duen ur guztia kutsatzen duena baino.

Gainera, esprai moduko lakek edo desodoranteek ez lukete zaborrean bukatu behar, baizik eta behin eta berriz aipatzen ari garen garbigune horietan. Azpimarratu behar da den-dena –hondakinak barne– ziklo naturalaren parte bat dela, eta aldatu egiten duela modu batean edo bestean. Eta aldaketa horiek, zoritxarrez, beti zentzu negatiboa dute, degradazioa edo suntsipena ekartzen baitute berekin. Horregatik, komeni izaten da ahalik eta gutxiena erabiltzea produktu horiek –edo gauza bera dena, erabiliz gero ahalik eta probetxurik handiena ateratzea–, eta oso kontuan hartzea haien bizitza baliagarria guretzat bukatzen ditugunean edo behar ez ditugunean bukatzen dela, baina ingurunean ehunka urte ere iraun dezaketela. Hortaz, hobe da produktu horiek kontrolatuta egotea, eta behar den tokira eramatea.

ZABORRA HUSTUBIDEETAN BARNA


Ohituraz jokatzen dugu. Baina ohitura txarrak oso kaltegarriak izan daitezke, asmo txarrak bezainbeste edo gehiago. Hori dela-eta, kontu handiz prebenitu behar ditugu.  Esaterako, oso ohitura txarra da, oker handia eta gauzak egiteko modu desegokia, komunzulotik honako hauek botatzea: esparatrapuak, kotoi-txotxak, moztutako azazkalak, ileak, janari-hondarrak, botiken hondarrak edo egunerokoan erabiltzen dugun beste edozein gauza.  

Lehenik eta behin, hodiak buxatu eta kaltetu ditzaketelako, eta, bigarrenez, solido horiek guztiek zaborrontzira joan beharko luketelako, hondakin organikoen edukiontzira. Hondakin horiek guztiak araztegira iristen direnean, buxatu egiten dute ura tratatzeko prozesua, eta, eraginkortasuna kenduta, ahuldu egiten dute; horren ondorioz, instalazioek energia gehiago xahutzen dute, eta matxura gehiago izaten dira ekipo elektromagnetikoetan.

Gastu horiek ez dute eragin zuzenik uraren ordainagirian, non sartuta baitago saneamendu-kanona, baina kontuan hartu behar da hondatzen ari garela guztion diruarekin egin den prozesu bat. Eta, zenbat eta traba gutxiago jarri prozesuan, orduan eta hobeki bideratuko da guztion dirua, eta ez da erabili beharko sekula hautsi behar ez zen hura konpontzeko lanetan.  Hartara, ohitura txar hori betiko utzi behar dugu bazterrean, hau da, komunzuloa zaborrontzi gisa erabiltzekoa.

Hondar-zatiek edukiontzi bat dute pertsona bakoitzaren etxetik hurbil; beraz, ez da ezer kostatzen poltsa batean sartzea, eta, etxetik atera behar badira usain txarra dela-eta, edukiontziraino eramatea.  Komunzulotik edozein gauza botatzea oso kaltegarria da gure etxeko tutuetarako, eta oztopo bat arazte-sistemak, bere osotasunean, behar bezala funtziona dezan.

KALEEN GARBIKETA

Kalea guztiona da, eta, horregatik, badago zerbitzu publiko batzuk, zaborrak bildu eta kaleak garbitzekoak. Hala eta guztiz ere, zerbitzu horiek ezin dute jokatu edozein hondakin biltzeko moduko makina ahalguztidun baten gisara, hondakin batzuek behar ez duten tokian bukatuko baitute zerbitzuek ahalegin handi-handia eginda ere. Konparazio batera, estoldetan bukatzen duten zigarrokinak eta tabako-paketeak. Eta haietatik, ura biltzen duen sistematik araztegiraino. Horrek dakartzan arazo guztiekin, zeinak lehen aipatu baititugu, hain zuzen komunzulotik zergatik ez den ezer bota behar azaltzen genuen atalean.

Horregatik da beharrezkoa deus ere ez botatzea kalera, beti erabiltzea paperontziak edo edukiontzi espezifikoak, ez hustea autoko hautsontzia bide publikoan, ez botatzea gauzak etxeko leihotik, ez botatzea txiklerik lurrera, biltzea txakurraren gorotzak lorategi publikoetan paseatzen badugu, eta ez egitea beste edozein gauza baldin eta kalera zaborra botatzea badakar; izan ere, litekeena da herriko ur-sareetan bukatzea, eta, horrenbestez, araztegian gero. Edo, bestela, “kutsadura lauso” deitzen duguna sortuko da, hau da, han-hemenka bota diren hondakinak, jatorri zehatzik gabe, eta normalean edozein bazterretan bukatzen direnak, hala nola errepide-bazterretan, ur-kanalizazioetan, hiri inguruko industrialdeetan eta halakoetan. Dudarik gabe, denok ikusi ditugu halako lekuak poltsaz, plastikoz, ontziz, kartoiz eta abarrez beterik.