2020 · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2020
Fernando Mendoza. NILSAko zuzendari kudeatzailea Beire-Pitillasko araztegian

2020

NILSAn, Lurralde Kohesioko Departamentura atxikitako Nafarroako Gobernuko sozietate publikoan, hilabete gogorrenetan ere onena ematen saiatu ginen. Ez genuen inoiz ere jarduera bertan behera utzi edo murriztu, funtsezko zerbitzutzat jo baikintuzten. Etxeko eta industriako uraren saneamendua ezinbestekoa da, uraren ziklo osoa bezala. Iaz, 53 milioi metro kubiko baino gehiago araztu ziren.

Gainera, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroarekin (CSIC) batera —Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendekoa— lan egin genuen araztegietara iristen diren emariak aztertzeko, COVIDaren hondarrak detektatzeko xedez.

Proiektu eta obren arloan ere ez genuen jarduera geldiarazi, ez eta hezkuntza- eta sentsibilizazio-programan ere. Programa digital bilakatu genuen, azkar bilakatu ere: bi astean, martxoaren 14tik. Atal digital horrek 8.100 bisita izan zituen hiru hilabetean. Uztailean, aurrez aurreko jarduerari ekin genion berriro, eta 2019ko markak gaindituko ditugu parte-hartzaileei dagokienez. Iaz, beraz, 12.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten hezkuntza-jardueretan, egoera txarra gorabehera.

Inbertsioak ere aurreikusitako bidetik jo zuen: zortzi milioi eta erdi euro baino gehixeago lizitatu ziren lehen seihilekoan, eta ia milioi bat bigarrenean; guztira, hamar milioi euro, Espainian obra publikoko inbertsioa %40raino jaitsi zen urtean. Hona hemen araztegiak eta proiektuak, 30 herri baino gehiagotan: Cabredo, Hiriberri, Uxue, Meotz, Fitero, Arano, Orotz-Betelu, Dorrao, Aguilar Kodeskoa, Zorokiain, Torres del Río eta beste hainbat (webgunean kontsulta daiteke zerrenda osoa).

Hezkuntza-jarduera Tafallako Marqués de la Real Defensa ikastetxean.

Hezkuntza-jarduera Tafallako Marqués de la Real Defensa ikastetxean.

Baina ez genituen ahaztu garapenerako ikerketak edo energia garbiak. Horregatik, puntako proiektuetan jarraitu genuen, hala nola klima-aldaketara egokitzeko LIFE NADAPT edo antibiotikoekiko erresistentziei aurre egiteko OUTBIOTICS proiektuetan. Gainera, bultzada handia eman genion araztegietan eguzki-plakak jartzeari, Lurralde Kohesiorako Europako Funtsek (EGEF) bultzatuta. Europako Batasunak gure lan ona abalatzea erabaki du, eta guk, gure aldetik, karbono-emisioak murriztu nahi ditugu. Baita elektrizitatean aurreztu ere, gastuari eutsi edo murrizteko. NILSAk zuek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duzuen zerga batekin finantzatzen duelako bere jarduera guztia: saneamendu kanonaren bidez. Eta modu eraginkorrean kudeatu nahi dugu.

2020an, 31 milioi euro bildu ziren. Tarifak ez dira aldatu seigarren urtez.

Beraz, eta mundu guztiarentzat urte lazgarria izan den arren, NILSAn, bederen, normaltasunez jarraitu ez ezik, aukera berriak hartu ditugu ere gure gain. Igarotzen ez den ura gelditu egiten da. Emariko oztopoak oztopo, gu aurrera goaz, eta horretan jarraituko dugu. Zuei zor dizuegu, herritarrei.

Nahiago nuke 2021.a urte atseginagoa izan. Eskerrik asko hor egoteagatik. Eskerrik asko Nafarroan arazketa posible egiteagatik. Eskerrik asko nire izenean eta ordezkatzen dudan taldearen 50 lagunen izenean. Muchas gracias. Eskerrik asko.

Tafalla-Erriberriko araztegiko eguzki-plakak.

Tafalla-Erriberriko araztegiko eguzki-plakak.