Hezkuntza, gizarte-eragile · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2022 Abrir Cerrar
Beire

HEZKUNTZA, GIZARTE-ERAGILE

2022an, aurrez aurreko jarduerak egin ahal izan genituen berriro. Izan ere, 2020an, COVIDek eragindako pandemia dela eta, aurrez aurreko jarduera gutxiago egin ahal izan genuen eta nabarmen jaitsi behar izan zen parte-hartzaile kopurua, beharrezko higiene-neurriak bermatzeko. 2021 osoan ere pairatu genituen ondorio negatibo horiek.

Horregatik, sozietate publiko gisa, pozik gaude urak beren bidera itzuli direlako aurten. Izan ere, pandemia aurreko urteetako kopuru berara iritsi gara: 8.252 parte-hartzaile urte naturalean eta 7.799 parte-hartzaile 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era. Gure urteko memoriek uztailetik uztailera bitarteko aldia jasotzen dute, ikasturtearekin ez ezik, hezkuntza-programaren lizitazio-datarekin ere bat datorrelako (2019ko uztailaren 1ean hasi zen azken etapa honetan). 

7.799 lagunetatik, %14k jarduera bat baino gehiago egin zituen. 418 taldetan banatu ziren guztiak (programak ezin du talde gehiagorik hartu urtebetean). Kopuru hori gainditzen denean, geroago egitea eskaintzen zaie parte hartu nahi dutenei, hau da, hurrengo inskripzio-epea irekitzen denean. Parte hartzeko ordenak izena emateko ordenari jarraitzen dio, eta, eskaria asetzen ez bada, itxarote-zerrenda irekitzen da. Hamabost bat eskaera geratu ziren ase gabe iaz, eta udako jardueretara (uda da eskaera gutxien duen aldia) edo hurrengo ikasturtera bideratu ziren. Hurrengo lizitazioan, eskainitako saio-kopurua handitzea espero dugu; horri esker, izena eman duten guztiek luze jo gabe ezagutuko dute uraren zikloa –arazketari dagokion zatia–. 

Politologoek eta soziologoek gero eta gehiago zalantzan jartzen dute hezkuntzak "igogailu sozial" deiturikoan duen papera, baina guk, ordea, uste dugu gizartearen eragilea izaten jarraitzen duela. Gure ustez, ondo hezitako gizarte batek, irizpideak eta ezagutzak dituenak, dogma eta ergelkeriatik urrun dagoenak, gizarte zibikoago, bidezkoago eta inklusiboago bat suposatzen du, planeta gizakiekin partekatzen duten beste espezie batzuekiko –animaliekiko eta landareekiko– begirunetsuago bat. Ez gara kreazioaren jabeak, Bibliako kontakizunak azaltzen duen bezala, baizik eta bizi diren eta sentitzen duten izakiak, planeta beste espezie batzuekin –haiek ere bizi dira eta sentitzen dute– eta etorkizuneko belaunaldiekin partekatu behar dutenak. Beraz, erantzukizuna eta iraunkortasuna zor diegu hirugarrenei. Eta, hezkuntzarik gabe, ia ezinezkoa izango da lortzea. Beraz, hezkuntzan sinesten dugu gizarte-eragile gisa.

NILSAtik gure hondar-alea ekartzen dugu, ale batek aletegia egiten duelako.