78.449.268 metro kubiko araztuta · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2016
78.449.268 metro kubiko araztuta

78.449.268 METRO KUBIKO ARAZTUTA

2016an, aurreko urtean araztutako kopuruaren oso antzekoa araztu zen Nafarroan:  78.449.268 metro kubiko hondakin-ur. 2015ean, 78.522.998 metro kubiko izan ziren; horrek esan nahi du antzeko plubiometriak dauden urteetan instalazioek antzeko efizientzia izaten dutela. Efizientzia hori azken ekitaldietan lortu da, instalazioetan hainbat hobekuntza egin direlako eta udal sareak destolestu direlako (ur beltzak batetik eta euri-urak bestetik).

Paradoxikoa bada ere, gutxiago araztea arrakasta bat da, horrek esan nahi baitu euri-ura ez doala instalazioetara, herrietan gero eta sare bereizle gehiago daudelako. Gogorarazi behar da prezipitazioek araztegietan duten eragina oso handia dela udal sareak unitarioak badira (etxebizitzetatik datozen hondakin-urak eta euri-ur garbia kolektore berberetara joaten dira). Izan ere, horren ondorioz bolumen bateratua kutsatzen da, eta hortaz, araztu egin behar da. Udal sare guztiek bi iturri horiek bereiziko balituzte, lehenbizikoak bakarrik tratatu beharko lirateke.

Bestalde, hondakin-uren tratamendua jasotzen ez duen biztanleria-portzentajeak % 2  egin du behera azken urteotan. Gutxi gorabehera 12.000 biztanle dira, 250 biztanletik beherako biziguneetan sakabanatuta, kutsadura-karga oso oso eskasa dutenak. Hala eta guztiz ere, erronka bat da hurrengo urteei begira. Inbertsio handiak behar dituzten proiektuak izaki, oso motel egiten da aurrera; izan ere, planifikazioa zenbait ekitalditan zehar egiten da, eta batzuetan espezifikotasun konplexuak ere agertzen dira (orografikoak gehienbat).

Azkenik, nabarmendu behar da hondakin-uren tratamenduak produktu eratorri bat sortzen duela: lohiak. Alegia, material solidoak, zeinak, lehortutakoan, “araztegiko lohi” deitzen ditugunak sortzen baitituzte. 2016an, 10.863 tona materia lehor (zentrifugatu eta gero) ekoitzi ziren;  gero, instalazioetan bertan tratatu ziren, prozesu aurreratu batez, patogenoak kendu eta edozein ondorio negatibo saihesteko geroko aplikazioan edo azken helmugan.

Higienizazio-tratamendu horrek -tratamendu termofiloa edo digestio anaerobio mesofiloa- NILSAren instalazioetan sortutako lohien % 85 estaltzen du. Gainera, aldian behingo analisiak egiten zaizkio materia horri guztiari (LER 190805 kodearekin tratatzen da, “hiriko hondakin-uren tratamenduko lohi” gisa). Analisiak bi urtetik behin egiten dira 5.000 biztanletik gorako herriei zerbitzua ematen dieten araztegietan, eta urtean behin, biztanle gutxiagokoetan.

Gogorarazi behar da hondakin-ura arazteko prozesua ez dela bukatzen ura garbitu eta ibaira itzultzearekin, kontuan hartu behar baita, halaber, garbitze-prozesu horren emaitza diren solidoen –lohien– tratamendua. Gaur egun, gure lurraldean bertan gelditu ziren Nafarroako instalazioetan sortu eta azkenean nekazaritzan aplikatu ziren lohi guztiak; bestela esanda, ez genuen lohirik bidali beste autonomia erkidego batzuetara.

Nolanahi ere, NILSA ez da bakarra lohiak tratatzeko orduan. Enpresa publiko gisa, Saneamendurako Plan Zuzentzailearen arduraduna da, eta, beraz, haren instalazio guztiena; baina badira beste bi mankomunitate (Iruñerrikoa eta Jurramendikoa), haien esparruko araztegiez arduratzen direnak. Iruñerriko Mankomunitatearen kasuan -harenak dira Arazuri, Etxauri eta Iberoko araztegiak, lehenbizikoa izanik Iruñerri guztiari zerbitzua ematen diona-, digestio anaerobio mesofiloa egiten zaie sortutako lohiei. Geroago, parte bat konpostajera bideratzen da, landare-hondakinekin nahasia; gainerakoa, deshidratatu eta gero, soroetan aplikatzen da.

Bere aldetik, Jurramendiko Mankomunitateak -harenak dira Lizarra, Lerin, Allo-Deikaztelu, Sesma, Los Arcos, Arroitz, Lodosa-Sartaguda, Mendavia, Egaibar eta Vianako araztegiak- modu mekanikoan deshidratatzen ditu lohiak, eta Cárcarko tratamendu-zentrora eramaten ditu. Konpostajera bideratzen dira han, hiri-hondakin solidoen frakzio organikoarekin batera. Lodosa eta Mendaviako araztegiek sortutako lohien kasuan, Tuterako araztegietara bideratzen dira, eta, han, instalazioan bertan ekoitzitakoekin batera tratatzen dira.

Arazte-instalazio txikiagoetan, ordea, hau da, putzu septikoetan, lohiak beste planta handiago batzuetara eramaten dira; han, instalazio haietan ekoitzitakoekin metatzen dira, elementu geldoak kendu eta gero (kotoi-txotxak, konpresak, haur-oihalak, paper-zapiak, eta abar). Nafarroan, gaur egun, bostehun putzu septiko inguru daude; hortaz, garrantzi handiko instalazioak dira horiek ere, nahiz eta txikiak izan.

Araztegiak Nafarroan