Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea kudeatzeko sortu zen NILSA. Plan horrek zerga berri bat ekarri zien berekin herritarrei: saneamendu-kanona. Laurogeiko hamarkadaren bukaera zen, eta esan dezakegu orduantxe sortu zela lehen zerga berdea Nafarroan. Halako zergak oso ohikoak dira Europako herrialde askotan, baina Espainian kosta egiten da horiek finkatzea. Baina ingurumenak ezin du itxaron: zainketa-lanak behar ditu, baita inbertsioak ere. Klima-aldaketak ere ezin du itxaron: tamalez, gelditzeko etorri da.
Nafarroako hondakin-urak araztea, bere txikian jarduketa ñimiñoa bada ere agertoki erraldoi batean, zergadun guztien esfortzuari esker da posible. Administrazio eta Finantzen zuzendari Mikel Satrústegui da gaiaren arduradun nagusia NILSAren barnean, eta zenbait galderari erantzunen digu denok ordaintzen dugun zerga baten nondik norakoak azaltzeko. Zerga horren xedeen artean, planeta garbiago egotea eta bizigarriagoa izatea eta ahalik eta hobekien eustea zoritxarreko baina dagoeneko ezin uka daitekeen klima-aldaketari.
Zer da saneamendu-kanona?
Foru Komunitatean ura erabiltzen dugun guztiok ordaintzen dugun zerga bat da, hain zuzen ingurune naturalera egiten dugun isurketagatik, dela saneamendu-sareen bitartez, dela zuzenean.
Nola ordaintzen da?
Gure herrian ura banatzen duen erakunde banatzaileak alditik aldira likidatzen digun fakturaren bidez ordaintzen da kanona. Bestalde, NILSAk zuzenean fakturatzen die kanona Nafarroako enpresa kopuru jakin bati.
Zein da zergaren xedea? Zenbat biltzen da urtean haren bitartez?
Kanona xede jakin bat duen zerga da. Hartara, xede zehatz bat izanik, ezin da beste helburu batzuetara bideratu. Hala ezartzen du Saneamenduari buruzko Legeak. Horixe da sistemaren indarguneetako bat. Kanona bilduz saneamendu-jarduera finantzatzen da Nafarroan, hau da, kolektoreetan eta araztegietan egiten diren inbertsioak, baita instalazioen eragiketa eta mantentze-lana eta haiei lotutako beste gastu batzuk. Gaur egun, hogeita hamar milioi euro biltzen dira urtean.
Esan al liteke ingurumen-zerga bat dela?
Hala da, bai, kanona ingurumen-zerga bat da, “berde” esaten zaien zerga horietako bat. Zerga-egitatea hondakin-urak isurtzea da, alegia, kutsatzen delako ordaintzen da. Hain zuzen, kontrako lana da zergaren xedea: ura araztea. Gainera, kanonak ingurumen-arau hauek betetzen ditu: “kutsatzen duenak ordaintzen du” eta “zenbat eta gehiago kutsatu, orduan eta gehiago ordaindu”.
Nik, herritarra eta zergaduna naizen aldetik, legeak agintzen duelako ordaindu behar dut. Baina, ematen ahal dizkidazu bi arrazoi etiko edo zibiko ni konbentzitzeko positiboa litzatekeela zerga hori ordaintzea araudi batek aginduko ez balu ere?
Arestian esan bezala, denok sortzen dugu kutsadura hondakin-urak isurtzen ditugunean. Jakina, gutariko bakoitzak hartu behar ditu zenbait neurri kutsadura hori ahalik eta txikiena izan dadin; adibidez, komunzulotik behar dena besterik ez da bota behar (sekula ez paper-zapirik, kotoi-txotxik, ilerik eta halakorik); halere, beti sortuko dugu isurketa bat. Isurketa horiek eragin ez dezaten ibaien kalitatean, garraio- eta arazte-sistema egokiak jarri behar ditugu herrietan, uraren kutsadura kentzeko ibaibideetara iritsi aurretik.
Esan behar da ibaiak oso esker onekoak direla; izan ere, araztegi bat sortu bezain laster hasten dira arrainak hazten ibaian behera.
Nafarroan bakarrik ordaintzen da?, edo Espainiako gainerako lekuetan ere?
Saneamendu-kanonak, desberdintasun formal batzuk tartean egonik ere, Estatuko erkidego gehienetan daude ezarrita. Hala eta guztiz ere, arazte-jarduerak estalitako biztanleria maila oso bestelakoa da erkidego horien artean. Hori erabakigarria da tarifak alderatzeko orduan.
Garestiagoa al da tarifa hemen beste autonomia erkidego batzuen aldean?
Tarifak alderatuz gero, eta informazio hori urtero-urtero eguneratzen dugu, Nafarroako tarifa merkeagoa da Estatuko batezbesteko tarifa haztatuaren aldean. Nolanahi ere, tarifak alderatzean beste alderdi batzuk hartu beharko lirateke kontuan, hala nola zerbitzuak zenbat biztanle estaltzen dituen, arazte-prozesuaren osotasuna, biztanleriaren sakabanatzea, erkidegoen aurrekontuen ekarpenak ote dauden, berreskuratze-kostuetan inbertsio-kostuak sartzen ote diren, eta abar. Alderdi horiek guztiak aintzat hartuz gero (baina ez dugu eskuragarri behar bezain zorrotz egiteko beharko litzatekeen informazio guztia), Nafarroako kanona oso behetik egonen litzateke autonomia-erkidego gehienen aldean.
Etxeko erabiltzaileentzat, zenbat igo da tarifa azken bost urtean Nafarroan?
2012tik 2017ra bitarte, tarifa 52 zentimotik 59,7 zentimora igo da, betiere metro kubiko bakoitzeko. Hau da, mila litro ur kontsumituz gero, lehen baino zazpi zentimo gehiago ordainduko genuke. Egia esan, saneamendu-kanonak oso eragin txikia du etxeko ekonomian. Nabarmenagoa da sektore industrialean, bereziki sektore jakin batzuetan, hala nola nekazaritzako elikagaienean. Horregatik, tarifa lehiakor batek eta arazte-sistema on batek mesede egiten diote industria-ezarpenari.
Aurreikusten duzue tarifa handitu eginen dela etorkizunean?
Egun indarrean dagoen planifikazio-agertokian tarifaren gutxieneko handitze batzuk aurreikusten dira, baina gerta liteke halakoak egin behar ez izatea diru-bilketak egungo mailetan iraunez gero.
Nork erabakitzen du zenbat igo behar den eta zeren arabera?
Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzaileak epe luzerako duen planifikazioaren barnean kokatzen da kanonaren tarifaren bilakaera. Gaur egun, planaren baliabide-iturri bakarra da; hartara, behar bezalako kuantifikazioa eta bilketa funtsezkoa da sistemaren egonkortasun finantzarioari begira. NILSAn egiten da kanonaren tarifen proposamena, eta Parlamentura bidaltzen da hura onets dezaten, normalean Tributu-neurriei buruko Foru Legean.
Ezkerretik eskuinera: Esther de la Hoz, Mikel Satrústegui eta Txaro Jubera.
Zenbat urte daramatzazu kanonaren kudeaketa gainbegiratzen duen Administrazio eta Finantzen Departamentuaren buru?
Jada hogeita bat urtetik gora dira NILSAn eman ditudanak, baina Departamentuaren buru hemeretzi daramatzat.
Nola biltzen da saneamendu-kanona? Zenbat pertsona behar dira kanona kudeatzeko?
Kanona biltzeko sistema Saneamenduari buruzko Legeak ezarri zuen, 1988an, eta uraren erakunde banatzaileen laguntza du. Haiek kanonari buruzko lerro bat sartzen dute beren ordainagirietan, hornitutako uraren arabera likidatzen baita normalean. Kobratutako zenbateko hori NILSAra bideratzen dute, hura baita, aipatutako Legearen arabera, baliabidea biltzeko eta administratzeko ardura duen erakundea. Prozesu horretan, gutxi gorabehera, berrehun eta berrogeita hamar toki entitatek hartzen dute parte. Bestalde, NILSAk zuzenean fakturatzen die kanona berrehun eta hirurogeita hamar bat enpresari.
NILSAn hiru pertsona aritzen gara –partzialki eta maila desberdinetan– kanonaren kudeaketan. Txaro Juberaren lana nabarmendu behar dut, saneamendu-kanonaren koordinatzailea baita, eta Esther de la Hozena ere bai, haien bizkar baitago, funtsean, diru-bilketaren kudeaketa. Lan bikaina egiten dute toki entitateekin eta enpresekin, eta, gainera, hala frogatzen dute haietara bidaltzen ditugun inkesten balorazioek.
Oso sistema efizientea da, ez baititu egiturak bikoizten, eta sinergia nabarmen positiboa sortzen du. Eskertzekoa da kontzeju, udal eta mankomunitateen elkarlana prozesu honetan.
Kanonari buruzko zer mezu helaraziko zenieke hura ordaintzen duten herritarrei?
Ibaien egoera ekologiko ona, neurri handi batean, baliabide horren bilketaren eta kudeaketa zuzenaren mende dago.
Bestalde, herritarrek badute aukera jakiteko zertara bideratzen den denok ordaintzen dugun zerga hori, eta zein diren lortutako emaitzak. NILSAk herritar guztiek eskuratzeko moduan jartzen du informazio hori bere webgunean, urtero, Saneamendurako Plan Zuzentzailearen kudeaketari buruzko txostenean.
Ba al dago elkarrizketa honetatik kanpo gelditu den zerbait, nabarmendu nahi duzuna? Saneamendurako Plan Zuzentzaileak, zenbait eguneratze tarteko, hogeita zortzi urte daramatza indarrean. Horri esker, Nafarroa nazioarteko erreferente bilakatu da hondakin-urak araztearen arloan. Prozesu horretan parte hartzen duten eragileen arteko ahalegina eta elkarlana mantendu behar dugu, lan horretan jarraitzeko.
Gure ibaiek eskertuko digute.