Beteranotasuna eta berrikuntza · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2018
Txaro y Alberto (Depuradora de Pueyo)

BETERANOTASUNA ETA BERRIKUNTZA

Txaro Jubera Azpíroz (Iruña, 1964) 1989an hasi zen lanean NILSAn, sortu zen urtean. Enpresako emakumerik urtetsuena da, eta lan-taldeko beteranoenetakoa. Alberto Sánchez Postigo (Burgos, 1970), berriz, 2018ean sartu zen, lan-kontratu mugagabearekin, bost hilabeteko hautaketa-prozesu bat gainditu ostean. Aurrez, bi urte eta zazpi hilabetez aritu zen NILSAn, aldi baterako kontratuarekin, 2019-2030erako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Integralari buruzko Plan Zuzentzailea lantzen.  

Bi langile horiek aukeratu ditugu memoria honi sarrera ematen dion elkarrizketarako, uste baitugu, bata enpresan hasi berria izanik eta hogeita hamar urte −enpresak adina− daramatzana bestea, baliagarriak direla enpresaren ikuspegi desberdinak emateko. 

TXARO JUBERA AZPIROZ

Txaro, NILSAko emakumerik urtetsuenetakoa zara, eta enpresan urte gehien daramatzan langileetako bat. Enpresaren 30 urteko ibilbidea ezagutu duzu. Nolakoa izan da bilakaera hori, zure ikuspegitik?    

NILSAk hainbat etapa igaro ditu bere ibilbidean. Hasieran, enpresa txiki bat zen. Dena zegoen egiteko, eta jendea oso inplikatuta zegoen. Gero, handitu eta finkatu egin zen, eta hogeita hamar langiletik gorako lan-taldea izatera iritsi ginen. Etapa horretan lortu ziren arazketaren arloan jarritako lehen helburuak. Ondoren, 2008-2009an, beste lan-ildo bat jarri genuen martxan: Hondakin Partzuergoaren kudeaketa.  

Gaur egun, NILSA etapa garrantzitsu batean dago murgilduta; izan ere, Saneamendurako Plan Zuzentzailea kudeatzeaz gain, hondakinen kudeaketan liderrak izaten jarraitu nahi dugu eta erantzukizun gehiago hartu nahi ditugu hornikuntzaren arloan. Erronka garrantzitsu bezain interesgarriak dira, nire ustez.  Normala den bezala, gauza onak eta txarrak egon dira etapa horietan. Maitasun handiz oroitzen ditut lehenengo urteak. Enpresa handitu zen etapaz, aldiz, oroitzapen gazi-gozoa dut; arazketaren arloan ezarritako helburua bete genuen, baina, nire ustez, kohesioa galdu genuen lan-talde gisa. Azken hamar urteetan, berriz, krisi ekonomikoa tarteko, NILSAk bere burua berdefinitu behar izan du.   

Duela hamar urte −bai, hamar urte igaro dira, dagoeneko−, 2008ko memoriarako egin genizun elkarrizketa, eta NILSAren 20 urteko ibilbidetik zer azpimarratuko zenukeen galdetu genizun. Hau erantzun zenuen: “Nafarroan aitzindariak izan gara ingurumen-zergaren eta hondakin-uren arazketa finantzatzeko kanon baten sorkuntzan. Nire ustez, laurogeiko hamarkadan, autonomia-erkidego gutxik zuten etorkizuneko ikuspegi hori. Irudipena daukat aurrekontuetara jotzen zutela finantzatzeko. Baina, azken urteetan, gure eredua kopiatzen ari dira, konturatu baitira funtzionatu egiten duela. Nire ustez, horixe da azpimarragarria: Nafarroan, ikuspegi hori zuen norbait izatea”. Hamar urteren ostean, hori bera azpimarratuko zenuke, ala beste zerbait nabarmenduko zenuke azken hamarkada honetan?   

Azken hamar urte hauetako gauzarik azpimarragarriena krisia izan da. Ez dugu ahantzi behar sektore publikoan gaudela. Saneamendu-kanonaren kudeaketa autonomoari esker, uste dut NILSAk abantaila pixka bat izan duela beste enpresa publiko batzuekin alderatuta.  

Diru publikoaren kudeaketa arduratsuak markatu du NILSAren jarduna. Baina, tamalez, ez da hala izan autonomia-erkidego guztietan. 

Txaro Jubera

Sortu zenetik, emakume eta gizon kopuru bera izan du NILSAko lan-taldeak. Orain, genero-berdintasuneko plan batean dago murgilduta; 2011n ere egin zen. Zer iritzi duzu enpresak berdintasunaren arloan izan duen ibilbideari buruz?   

Gai horretan, NILSA joera orokorrari gehitu zaiola uste dut. Duela hogeita bost urte, feminismoaren moda pasatutzat jotzen zen, eta ez zitzaion arretarik jartzen mugimendu feministari. Pozten naiz lehen lerrora itzuli delako; izan ere, uste dut genero-berdintasunaren arloan asko dagoela egiteko, gizarteko arlo guztietan.   

NILSAren kasuan, egia da emakume eta gizonen kopurua berdintasunezkoa izan dela beti −nahiko ohikoa da hori sektore publikoan−, baina ez gara horregatik suziriak botatzen hasiko. Ez dugu ahantzi behar, hasieran, zuzendaritzako lau kideak gizonezkoak zirela, eta, gaur egun, zuzendaritzako zazpi kideetatik bakarra dela emakumea.   

NILSAn lan egiteaz gain, ama ere bazara. Zer iritzi duzu lan-bizitza eta bizitza pertsonala/familiarra bateragarri egiteari buruz?   

NILSA enpresa ona da lan-bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko. Lan-baldintza onak ditugu. Ordutegiak onak dira horretarako, eta ez dut uste inoiz ere arazorik jarri denik gai hori dela-eta ordutegiak egokitzeko. Nire kasuan, nahiko ondo bateratu ahal izan ditut lan-bizitza eta bizitza pertsonala. Bikotearekin banatu ditut ardurak, oso gertu bizi gara, eta seme-alaben eskola bost minutura izan dugu, oinez. Hala eta guztiz ere, ahalegin handia egin behar da guztia nola edo hala kontrolatuta edukitzeko.  

NILSAn sartu berri den langileari, Alberto Sánchez-i, ere egingo diogu elkarrizketa. Beteranoa izanik, emango zenioke gomendioren bat, harentzat erabilgarria izan daitekeen zerbait?   

Beno…, Alberto berria da NILSAn, baina ibilbide profesional luze bezain askotarikoa du. Ez dut uste aholkurik emateko moduan nagoenik. 

Txaro Jubera e Iñaki Garralda

Administrazio- eta finantza-taldea.

Azken hilabeteetan, langile berriak sartu dira zenbait sailetan. Emakumeak gehiago dira gizonak baino. Gomendio bereziren bat emango zenieke emakume-langile berriei?   

Oso pozik hartzen dut jende berria. Garrantzitsua da haize freskoa sartzea. Emakumeentzako gomendioak? Ez lukete izan behar gizonezkoei zuzendutakoetatik desberdinak. Prestakuntza handiko jendea da, lan egiteko gogoz dagoena. Esango nieke, bai gizonei bai emakumeei, saia daitezela lanaz gozatzen eta ahal duten guztia egin dezatela lankideen artean giro ona izateko.   

Ziurrenik, NILSAn egingo duzu zure ibilbide profesional osoa, eta hemen hartuko duzu erretiroa, urte batzuk barru. Hamar bat urte falta dira, gutxienez, baina irudikatzen duzu zeure burua, zure erretiro egunean, atzera begiratzen? Zer sentipen izango duzula uste duzu?   

Bai, jakina, honezkero, uste dut hemen hartuko dudala erretiroa. Sartu nintzenean, ez nuen uste NILSAn emango nuenik bizitza profesional osoa, baina denbora hegan joaten da. NILSAren ibilbideko etapetara berriro itzuliz, ikuspegi pertsonaletik, etapa hauek bereiziko nituzke: hasieran, guztiak behin-behinekoa dirudi; gero, ama izatea erabakitzean, egonkortasuna baloratzen hasten zara. Eta, bat-batean, seme-alabak etxetik joatear daude, eta konturatzen zara bizi osoa daramazula hemen. Baina alderdi baikorrari heltzen diot: oso ondo nago hemen.  

1989an hasi ginen taldetik, Javierrek eta Carminak hartu dute erretiroa, eta, datozen 10-12 urteetan, lankide gehiago iritsiko gara erretiro-adinera. Uste dut guztiok nahiko genukeela haiek bezalako erretiroa hartzea.   

2008ko memorian, adiskidetasunari buruzko hitz batzuk ere esan zenituen: “NILSAko lan-taldea zer ona den azpimarratu nahi nuke; ez bakarrik teknikoki, baizik baita giza ikuspegitik ere. Lan egiten dudan alorrean, oso ongi moldatzen gara elkarrekin, eta beti da atseginagoa gauzak errazago egiten dituen talde batean lan egitea. Nire hurbileko lankideen positibotasuna azpimarratu nahi dut”. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu?   

Bai, eta zorte handia dut horregatik. Lan-giro bikaina dugu; oso jende langilea dut inguruan.  

Zerbaiten hutsunea izan duzu urte hauetan? NILSAren giza faktorean eta/edo faktore profesionalean aldatuko zenuke zerbait?    

Lehen ere esan dut: uste dut urte batzuetan, oso nabarmena izan zen zuzendaritzako kideen eta enpresako gainerako kideen arteko aldea. Uste dut, orain, garai integratzaileagoan gaudela. Lanarekin bakarrik lotuta ez dauden alderdiak ere lantzen dira, eta guztion parte-hartzea eskatzen da horretarako. Aurrerapauso handia iruditzen zait.   

Bukatzeko, batzuetan, zerbait esan nahiko genuke, baina ez dugu aukerarik horretarako… Badago esan gabe utzi duzun zerbait, oraingoa edo aspaldikoa, eta NILSAko kideekin publikoki partekatu nahiko zenukeena? Ahots goran egin nahiko zenukeen hausnarketaren bat?   

Ez dakit zer gehiago esan. Nire burua eskaintzen dut hemendik hamar urtera egingo den memoriarako. Ea nola ikusten garen orduan…

ALBERTO SÁNCHEZ POSTIGO

Alberto, NILSAn sartu den azken langilea zara. 2018ko abenduaren 20an hasi zinen lanean, lan-kontratu finkoarekin.. Zer deta-eta hartu zenuen erabaki hori?  

NILSAn lan egin aurretik, kanpotik izan nuen harremana enpresarekin. NILSArentzat eta hainbat herrirentzat proiektuak −NILSAn onartzen ziren proiektuak− egiten zituen enpresa batean egiten nuen lan. Niretzat, erreferente profesional bat izan da beti; zalantzak nituenean, beti galdetzen nien. 2015ean, enpresan sartzea lortu nuen, lehen aldiz. Proiektuak egiten hasi nintzen, eta, handik gutxira, Nafarroako Gobernuko Uraren Ziklo Integralari buruzko Plan Zuzentzailea egiteko lan-taldean hasi nintzen. Ez da gutxi!  

NILSA barrutik ezagutu nuenean, espero bezain ona iruditu zitzaidan; ez bakarrik duen talde profesionalagatik, baizik, baita lankideengatik ere, beti sentitu izan bainaiz taldeko kide bat bezala. Tamalez, 2018ko ekainean amaitu zen nire kontratua. Orain dudan lanposturako hautaketa-prozesuaren berri jakitean, ez nuen zalantzarik egin, eta, ordutik, hementxe nago. Espero dut enpresari nire ekarpena egiten eta profesionalki hazten jarraituko dudala.  

Zure ustez, nolakoa da NILSA, enpresa gisa? Zein iruditzen zaizu bere ezaugarririk azpimarragarriena edo bereizgarriena?   

Lehen esan dudan bezala, estatu-mailan erreferentea da saneamenduaren arloan.  Horrez gainera, hor dago herritar guztiei eskaintzen dien arreta ere. 89an hasitako proiektu honen bidez, 100 biztanle edo gutxiagoko herrixketako urak araztera iritsi dira. Hala, posible izan da handiek txikiei laguntzea, fakturan nabaritu gabe, eta prozesua autofinantzagarria izatea.  

Burgosen jaioa zara. Kontaiguzu nolakoa izan den zure ibilbide profesionala, Iruñera iristeraino.   

1995ean etorri nintzen, Lan Publikoetako karrera amaitu nuenean, lanpostu baterako hautatu nindutelako. Nire jaioterriko, Gaztelako, -0º graduen ordez, zirimiria jasan behar, baina, klima gorabehera, esan behar dut, lehenengo egunetik, erabat integratua sentitu nintzela. Inoiz ere ez dut lan egin hemendik kanpo; beraz, profesionalki, % 100 nafarra naiz.  

Esan duzun moduan, berria zara enpresan. Aldi baterako kontratu batekin sartu zinen, eta, orain, hautaketa-prozesu baten ondoren, kontratu mugagabea lortu duzu. Gogorra izan zen amaierako hautaketa-prozesua? Hitz egingo zeniguke horri buruz?  

Ba, egia esan, lehengo urtea iltzaturik geratuko da nire gogoan. NILSAn nuen kontratua amaitzen zen, eta azterketa-urtea izan zen. Prozesuen urtea. Hiru prozesutatik igaro nintzen. Hala, Izarbeibarko mankomunitaterako lan egin ahal izan nuen, hain zuzen, NILSAren kontratua amaitu zenetik, berriz enpresan sartu nintzen arte. Egia esan, oso talde profesional ona ezagutu nuen han, eta oso oroitzapen ona gordetzen dut.  

Eta, azkenean, NILSAko prozesua iritsi zen. Ustekabean harrapatu nituen; akituta nengoen ordurako. Azterketa gogorra izan zen. Azterketa psikoteknikoak hainbat hautagai utzi zituen kanpoan, eta azterketa oso tekniko eta espezializatu bat ere gainditu behar zen. Baina egindako ahaleginak merezi izan zuen.  

Alberto Sánchez

Eta, atzera begiratzeari utzi, eta aurrerantz begira jarrita, esango zeniguke nola ikusten duzun zeure burua hemendik hamar urtera?   

Ba eskumen gehiago izango dituen NILSA batean lan egitea espero dut, saneamenduan ezezik, hornikuntzan eta, batez ere, euri-uren kudeaketan eta Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemetan eskumen gehiago izango dituena.    

Dakizun moduan, NILSA berdintasun-plan bat ari da lantzen 2017az geroztik. Zer iritzi duzu enpresako genero-berdintasunari buruz?     

Ba uste dut guztiok ikasi behar dugula horretatik. Jasotako heziketak markatuta gaude, modu batean ala bestean, eta, askotan, normaltzat hartzen ditugu, ondo pentsatuta, normalak ez diren gauzak. Uste dut bide luzea dugula egiteko.    

Enpresako beste alor edo faktore bati buruz hitz egin nahiko zenuke? Arreta ematen dizulako, hobetu daitekeela uste duzulako edo beste edozein arrazoi dela medio…    

Ba, nire ustez, langileak kontratatzeko dauden mugak dira alderik ezkorrena. Nire ustez, langileek egiten dute handi enpresa bat, eta epe luzeko kontratuetan dauden mugek oztopatu egiten dute enpresaren ohiko jarduera.    

Hemendik hogei urtera NILSAn erretiroa hartzen irudikatzen duzu zeure burua? Orain ezagutzen duzun enpresatik oso desberdina izango dela uste duzu?   

Auskalo… Orain poz-pozik nago. Espero dut hala jarraituko dudala, eta uste dut nire inguruko jendea ere gustura dagoela nirekin. Partidaz partida joan behar da.   

Enpresan hasiberria zarenez, zerbaiten hutsunea sumatu duzu langile berriei egiten zaien harrerari dagokionez? Badago giza faktorean eta/edo faktore profesionalean aldatuko zenuke zerbait?   

Esan bezala, oso eroso sentitu izan naiz beti. 

Departamento de Proyectos y Obras

Astean behin biltzen da proiektu-taldea.