86.750.609 metro kubiko araztuta · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2018
86.750.609 metro kubiko araztuta

86.750.609 METRO KUBIKO ARAZTUTA

2018an, 86.750.609 metro kubiko hondakin-ur araztu ziren Nafarroan; aurreko urtean, berriz, 75.657.875 metro kubiko. Joan den neguko eta udaberriko plubiometriaren igoerari zor zaio hazkundea, eta, halaber, urte osoan zehar, industria-jarduerak izandako hazkundeari. Ekoizpenean ur-bolumen handiagoak erabiltzen direnez, hazi egin da ondoren tratatu beharreko hondakin-uren kopurua ere.  

Euri-urei dagokienez, beharrezkoa da udal-sareak bitan banatzea, hartara, ur fekalak sare bereizi batetik iristeko araztegira eta ez nahasteko prezipitazioetatik lortutako urekin. Izan ere, euri-urak garbiak dira, eta araztegi batetik pasatu beharrik gabe iritsi beharko lukete dagokien lekura. Horregatik, estolderia-sareek adar bereiziak izan behar dituzte hondakin-uretarako eta euri-uretarako, eta, horrez gainera, drainatzeko sistemak izan behar dituzte, prezipitazioak zuzenean lurrean infiltratu daitezen, kanalizatu gabe.     

Hala eta guztiz ere, ez dago ur-bolumen handiagoak hartzeko arazorik; instalazioak prest daude urtean 205.565.850 metro kubikoko bolumena onartzeko. Hala, bereziki euritsuak diren urteetan, industria-jarduera areagotzen denean edo populazio- eta hirigintza-garapenak handitzen direnean, hazkunde horiek dakarten ur-bolumen handiagoa onar dezake saneamendu-sareak, azpiegitura berriak egin edo egungoak handitu beharrik gabe eta, beraz, inbertsio gehiago egin beharrik gabe.     

Gaur egungo, Nafarroako populazioaren % 1,81 bakarrik dago saneamendu-sare osorik gabe, hau da, 649.775 biztanleko erroldatik 11.530. Oso populazio sakabanatuez ari gara (baserriak, 20 biztanletik beherako populazioguneak, jaurerriak edo etxe isolatuak). Duela lau urtez geroztik, lan berezia egiten ari gara gune horietan, populazioaren % 100era iristeko asmoz. Oso inpaktu txikia du horrek ingurumenean; izan ere, etxeko isuriez ari gara, karga industrial toxikorik gabea (soilik organikoa).   

Hala eta guztiz ere, lan horiek erritmo mantsoagoan egiten dira, lan handiek adinako planifikazioa, tramitazioa, exekuzioa eta finantziazioa behar baitute. Ondorioz, oso zaila da % 1,81 hori azkar murriztea. 

2018an, NILSAk era horretako araztegi txiki eta geografikoki sakabanatu batzuk eraiki zituen (besteak beste, Erron, Ezkarozen eta Figarolen), eta populazio gutxiko beste herrigune batzuetarako proiektuak lizitatu zituen (adibidez, Baraibarkoa eta Torres del Ríokoa). Horrez gainera, Nafarroa guztiko araztegietarako eraikuntza-proiektuak lizitatu ziren: Corteskoaren birmoldaketa, Arga Behereko araztegiaren zati bat berritzea, Errazkingoan iragazki hobea jartzea, Ultzamako kolektoreak, Lizarrako emari-neurgailua eta usain-kentzea, Aranoko hustubidea, Valtierra mendebaldeko industrialdea eta Traibuenaseko isuriaren eraldaketa.    

NILSAko sei departamentuetatik bik eraman zituzten aurrera jarduera horiek guztiak: Proiektuak-Obrak eta Lanak-Mantentze-lanak departamentuek, hain zuzen. Bi departamentu horietan, NILSAko lan-taldearen erdiak egiten du lan, gutxi gorabehera (gaur egun, berrogei lagunetik gora). Beste erdiak, berriz, alor hauetan aritzen dira: Administrazioa-Finantzak, Hondakinak, Planifikazioa-Kalitatea eta Komunikazioa. Gainerako ataletan, baditugu lehengo urtean egindako lanen datuak. NILSA hondakin-uren arazketan aritzen den enpresa da, baina ingurumen-helburu hori lortu ezinekoa izango litzateke, zuzenean araztegien eraikuntzan eta ustiaketan aritzen diren profil teknikoez gainera, diziplina arteko talde bat izango ez balu. 

Nafarroako araztegia