Gure Sustraiak inklusio-zentrora, Ollon, joan ohi diren ia berrogei lagunek parte hartu zuten NILSAren hezkuntza-programan, klima-aldaketaren aurkako nazioarteko eguna ospatzeko. Parte-hartzaileak, 20 eta 34 urte bitartekoak, Irazu errekara joan ziren, ibaiekin lotutako jarduera zientifiko bat egiteko, begirale-taldearekin; zentzumen bidezkoa da jarduera, eta hiru hizkuntzatan egin daiteke: gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz.
Jarduera horren bidez, gizartera hurbildu eta ondasun urri hori eraginkortasunez kudeatzeko beharrari garrantzia eman nahi izan genion. Hezkuntza-programa osoa, 1999an ezarria, bi helburu horiek bultzatzen dute, edozein modalitatetan. Nazioarteko efemeride hori (Nazio Batuek ezarri zuten egun horretan, urriaren 24an) interes sozial bereziko talde horrekin ospatu izana nabarmendu nahi izan dugu memoria honetan.
Nazio Batuak erakundeak dioenez, nazioarteko egun hauek balio dute “publiko orokorraren esku intereseko gaiei buruzko informazioa jartzeko, borondate politikoa eta baliabideak mobilizatzeko munduko arazoei aurre egiteari begira, eta gizateriaren lorpenak ospatu eta sendotzeko”. Gainera, eta Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, uraren kudeaketa zatikatua eta desegokia mende honetako arazo handienetako bat da, eta hala dago jasota Garapen Iraunkorreko 2030 Agendan ere. NBEk ohartarazi duenez, Lurraren azalean eta zorupean dagoen ur guztiaren % 0,5 baino ez da kontsumitzeko ur geza ona, eta zentimetro bat murriztu da urtez urte azken hogei urteetan; egoera okerrera egiten ari da, gainera, eta horixe gogorarazi dute gaur goizean.
Gure Sustraiak zentroko taldearekin egindako jarduera NILSAn eskatuenen artean dago, araztegietara egindako bisitekin batera. 2020-2021 ikasturtean, 85 erakundetako 7.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten; horietatik, % 22k programako jarduera bat baino gehiago egin zuten, eta, beraz, ia 10.000 lagunek parte hartu zuten guztira. Nafarroa osoko 63 herrik eskatu zuten jardueraren bat, eta parte-hartzaileak adin guztietakoak izan dira: haur-hezkuntzatik 65 urtekoak arte (urte horietatik gorakoek ezin izan zuten parte hartu pandemiak ezarritako murrizketengatik). Beraz, hezkuntza-programaren % 87 eskola-jendeak hartu zuen, eta gainerako % 13, helduek. Hala ere, 2022ko urtarrilean, jubilatuekin, zaharren egoitzetan eta 65 urtetik gorako edozein interesdunekin jarduerak berriz martxan jartzeko asmoa dago.
Bestalde, Gure Sustraiak kooperatiba bat da, baserri-eskola bat, hamabi langilek osatua, bazkideak horiek guztiak, eta 82 bazkide kolaboratzailek laguntzen dute. Proiektuak hainbat instalazio eta zerbitzu ditu. Horien artean, zentro okupazionala eta aterpetxea nabarmentzen dira; hainbat jarduera garatzen dira azken horretan, hala nola lankidetzako turismoa eta animalien bidezko terapiak. Partaidetzako proiektu inklusibo gisa definitzen da, gizarte-berrikuntzakoa, hezkuntza-monografiko propioak ere eskaintzen dituena hainbat gairi buruz, hala nola barazkiei (Munduko baratzeak), basoei (Basoaren aberastasuna), baliabide naturalei (Kontsumo arduratsua) eta granjari berari (Koloretako landetxea) buruz.