80.725.590 metro kubiko araztuta · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2021
Estella-Lizarra

80.725.590 METRO KUBIKO ARAZTUTA

2021ean, Nafarroako araztegiek 80.725.590 metro kubiko hondakin-ur tratatu zituzten. Igerileku olinpiko baten batez besteko bolumena 3.375 metro kubiko da, eta, beraz, 23.918 igerileku olinpiko ur araztu ditugula esan genezake, joan den urteko zifra publiko orokor gisa ulertu ahal izateko.
 
Lurraldeei dagokienez, bi mankomunitatek kudeatzen dituzte arazte-instalazioak, NILSAz gain (Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa da). Nafarroako bi mankomunitate handienak dira: alde batetik, Iruñerriko Mankomunitatea, 35.645.535 metro kubiko hondakin-ur tratatu zituena; 364.598 biztanleri ematen die zerbitzua. Eta, bestetik, Jurramendiko Mankomunitatea, 4.909.250 metro kubiko araztu zituena; 40.123 lagun bizi dira haren jarduketa-eremuan.
 
NILSAn, bestetik, 40.170.805 metro kubiko tratatu genituen, hau da, 226.760 pertsonaren ur zikinenak; Nafarroako errolda 631.481 biztanlek osatzen dute (2021eko urtarrilean). Hala ere, uraren karga kutsatzailea neurtzeko erabiltzen dugun neurria ez da biztanle erroldatuarena, biztanle baliokidearena baizik. Zer esan nahi du horrek? Koefiziente bat aplikatzen dugula gizakienak ez diren beste jarduera batzuen karga kutsatzailea (industriarena, adibidez) biztanle bihurtzeko.
 
Horrela, unitate bakar batean aurkez dezakezu uretatik kendu eta ibaira ez itzultzea lortzen dugun kutsadura. Biztanle baliokide bat, gutxi gorabehera, 2,5 biztanle erreal (gizakiak, erroldatuak) dira. Beraz, lehen aipatutako errolda, 630.000 pertsona baino gehiago, 1.152.343 biztanle baliokide bihurtzen da, eta neurri horretan sartzen dira arazten ditugun gainerako jarduerak (industriak, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak, poligonoak...). 
 
Arazketa-prozesutik beste deribatu bat lortzen da: lohia, emaritik bereizten dugun materia lehorra, garbitzeko, hain zuzen. 11.569 tona, iaz. Duela urte batzuetatik, tratatu egiten dugu amaierako tokira eraman aurretik; nekazaritza da haren aplikazioetako bat. Araztegi handienek lohi-lerro bat dute tratatzeko; txikienek, ordea, ez dute halakorik, eta araztegi handienetara eraman behar dira. Beraz, lohi guztia prozesatzen da, ura bezala, higienizatzeko ibaira itzuli aurretik. Ura arazteko, likidoa garbitu ez ezik, materia kutsatzaile solidoaz ere arduratu behar gara, deskontaminatzeko, hain zuzen ere. 


Energia

Azken urteotan, energia-baliabideak optimizatzeko kontzientziazio berezia garatu dugu. Errusia orain dela gutxi Ukraina inbaditzen hasi izanak (atsekabetuta gaude horregatik, bide batez esanda) agerian utzi du, beste behin ere, energia-autonomiaren alde lan egiteko premia larria dagoela, maila guztietan: etxeko autokontsumotik hasi eta Europako energia-burujabetasunaraino, Europako Batzordeak behin eta berriz esaten duen bezala. Eta Espainiak bat egiten du horrekin. Horren froga da 36/2020 Errege Dekretua onetsi izana, zeinak Administrazio Publikoa modernizatzeko neurriak biltzen baititu, bai eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana gauzatu izana ere, zeinaren ardatz nagusia (lau dira) eredu berde, autosostengatu eta iraunkor baterako energia-trantsizioa baita. COVID-19aren krisiaren ondorio suntsitzaileei buelta emateko politika publiko instrumental nagusitzat ere jotzen da plana. Beraz, ezinezkoa da munduko, Europako eta estatuko testuingurua bazter uztea.
 
NILSAk, azken sei urteotan eta arrazionalizazio operatibo eta energetikoko beste jarduera batzuen artean, eguzki-kuota handiena duten araztegietan (hegoaldean daudenak) eguzki-plakak jartzearen alde egin du. Helburua autokontsumorako ahalik eta energia handiena sortzea da, energia elektrikoa baita instalazioen funtzionamendu eta mantentzerako gastu handiena. 2021ean, adibidez, Nafarroako araztegiek 25.360.104 kWh kontsumitu zituzten. Haietatik, 10.846.881 KWh NILSAK kudeatzen dituen instalazioei zegozkien,12.328.070 KWh, Iruñerriko Mankomunitateak kudeatzen dituenei, eta 2.185.153 Kwh, Jurramendiko Mankomunitateak kudeatutakoei. NILSAk soilik sortu zuen energia fotovoltaikoa bere instalazioetan: 460.368 kWh guztira. Kopuru hori urtez urte handitu nahi dugu.

 
Proiektuak

Azkenik, ez genuke atal hau amaitu nahi aurkeztu, lizitatu edo amaitu ditugun proiektuak gogora ekarri gabe. Enpresaren eraikuntza-arloari buruz ari gara, hau da, obrak eraikitzeko eta haiei jarraipena egiteko teknikaz arduratzen den arloari buruz, harik eta obrak operazio- eta mantentze-arloari eman arte eguneroko kudeaketarako, edo fase horretaz arduratzen diren mankomunitateei eman arte, beren eragin-eremuan (Jurramendikoa eta Iruñerrikoa soilik).
 
Egindako aurkezpenak errepasatuko ditugu labur-labur, bere garaian emandako prentsa-oharrerako zuzeneko estekarekin, norbaitek kasu zehatz bakoitzaren xehetasunak ikusi nahi baditu ere.
 
Proiektuz, emaitza optimizatuz eta energia-aurrezpenez beterik 2022. urtea espero dugu, eraginkortasun operatiboa eta ekonomikoa handitzen ikusiko duena, eta, batez ere, herritarrak eta enpresak erabat kontzientziatuko dituena. Arazketa zurekin hasten da, eskerrik asko laguntzeagatik. Eta bakoitza bere balio eta sinesmenekin bat hasten da; beraz, aukera ditzagun jasangarriak eta ekoerrespetuzkoak. Izan ere, mundua, ura, ibai-lurraldea eta hurbileko ekosistema animaliekin partekatzen ditugu: gure errespetu osoa merezi dute. Lurra, ikuspuntu naturaletik, beraiena bezain gurea da.

 2021ean aurkeztutako jarduketak: 

Nafarroako araztegia