75.657.875 metro kubiko araztuta · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2017
Arqueta de saneamiento

75.657.875 metro kubiko araztuta

2017an, Nafarroan 75.657.875 metro kubiko hondakin-ur araztu ziren, aurreko urtean baino gutxiago: 78.449.268 metro kubiko. 2015ean 78.522.998 metro kubiko araztu ziren. Horrek esan nahi du azken bosturtekoan beheranzko joera iraunkorra dagoela. Oso berri ona da, jokabide hobeen ondorioz ur-kontsumoak behera egin duela esan nahi duelako: bai etxeetan (ura aurreztuz) eta bai udal-sareetan, kasu askotan ur beltzak eta euri-urak bereizi egin dituztelako. 

Horrek esan nahi du euri-ura ez dela araztegietara joaten herrietan sare bereiziak gehitu direlako. Beraz, prezipitazioetatik datorrenez eta ez giza erabileratik, ur garbia da eta ez du araztu beharrik. Udal-sare guztiak bereiziak balira, ur beltzak soilik tratatu beharko lirateke eta hori da udalerri bakoitzean izan beharko genukeen helburu ideala.  

Nolanahi ere, 2017ko datuak onak dira. Beheranzko joerako emariaz gain, tratamendu egokia duen biztanle-kopurua % 98,2koa da. Horiei, 141 araztegi konplexuk eta Nafarroa osoan banatuta dauden ia bostehun hobik ematen diete zerbitzua.   

Gaur egun, instalazioak prestatuta daude urtean 205.565.850 metro kubikoko baterako emaria hartzeko. Horrek esan nahi du etorkizuneko populazio-, industria- edo hirigintza-garapenak onartuak izango direla saneamendu-sarean azpiegitura-zuzkidura berririk egin gabe edo egungoak handitu gabe. 

Eta urtero bezala, NILSAk aurrera jarraitzen du bere obra-planarekin, oraindik badirelako 200 biztanle baino gutxiagoko herriak araztegia eraiki behar zaienak eta beste batzuk aldaketak, eguneratzeak eta/edo handitzeak eskatzen dituztenak. 2017an honako proiektu hauek idatzi genituen: Urederrako behe-ibilgua (araztegia), Hiriberri (araztegia), Jaitz (araztegia), Errazkin (araztegia), Baraibar (araztegia; 2. fasea), Arostegi (araztegia), Orotz-Betelu (araztegia), Arano (araztegia), Meoz (araztegia), Urdazubi - Hiribere eta Leorlas auzoen konexioa, Monteagudo hustubidearen aldaketa, Valtierrako hustubidea eta atxikipen-tanga berritzea; eta Valtierra-Arguedasko ponpaketa orokorra eraberritzea, Fiteroko araztegia eraberritzea, eta hobekuntzak Corellako tratamenduan, Baztango harea kentzeko tangan, Behe Argako hustubideetan, Cortes azken dekantazio-tangan, Ultzamako kolektoreetan (3. fasea) eta Ezkaroze Iparreko konexioan. 

Gainera, obra hauek egikaritu genituen: Lantz, Puiu, Lizarraga-Ergoiena eta Ledeako araztegiak, eta eraberritzeak Zangoza, Tafalla-Erriberri, Valtierra-Arguedas, Ezkaroze eta Ultzamako instalazioetan eta/edo kolektoreetan.   

Jarduketa horiek guztiak NILSAko sei departamentuetatik bik gauzatu dituzte: Proiektuak-Obrak eta Eragiketa-Mantentzea departamentuek. Bi departamentu horietan NILSAko langileen erdiek egiten dute lan, gutxi gorabehera. 38 lagunek osatzen dute lan-taldea. Beste erdiak Administrazioa-Finantzak, Hondakinak, Plangintza-Kalitatea eta Komunikazioa-Hezkuntza arloetakoak dira. Gainerako ataletan iaz egindako lana ezagutu daiteke. NILSAren helburu orokorra hondakin-urak araztea da, baina ingurumen-helburu hori ezinezkoa izango litzateke araztegien eraikuntzarekin eta ustiapenarekin lotura zuzena duten profil teknikoetatik haratagoko beste batzuk biltzen dituen diziplina anitzeko talde bat gabe.

Nafarroako araztegia