Mugarriak · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2017
Tiebas

2024 eta 2030eko mugarriak

Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzaileak seiurteko epemuga du, 2014rako eta 2013erako mugarri kuantifikagarriekin. Sei urteko epean etxeko zuzkidurek biztanle eta eguneko 120 litro ez dutela gainditu behar ezarri du planak. 2017an, Estatistika Institutu Nazionalaren kalkuluen arabera, Espainiako batez besteko kontsumoa eguneko eta pertsonako 132 litrokoa da eta, Nafarroan eguneko 118 litrokoa den arren, helburua ez da ia batere aldatzen gaurko egoerarekiko. 

Bestalde, uraren udal-sareek, hornidurakoek nahiz saneamendukoek, ihesak eta galerak konpondu beharko dituzte gutxieneko efizientzia izateko. Esparru horretan, hornidura-arloan eskumenak dituzten udalek eta erakundeek identifikatu beharko dute non, noiz eta zergatik gertatzen diren ur-ihesak  –horrek erraztu egingo du ura leku bakoitzean zenbat kostatzen den jakitea–, hori ez delako Nafarroako Gobernuaren eskumena. 

Gutxieneko efizientzia hori % 70ekoa izango da 2.500 biztanletik gorako hirigune trinkoetan. Gainerako guneetan % 60koa izango da. Eta Nafarroarako helburu orokorra % 75eko batez besteko efizientzia da. Ratio horiek oso garrantzitsuak dira planaren hasierako bertsioak detektatu duelako sareetako galerak % 60 ingurukoak direla batez beste. Ura aurrezteko eta zerbitzuan efizientzia lortzeko arazo larri eta urgenteenen artean dago. 

Bestalde, 2030ean amaituko den planaren bigarren seiurtekoan, honako hauek dira mugarri garrantzitsuenak: 

a) uraren ziklo integralaren sistemak erabat berreskuratu beharko ditu kostuak, ingurumen arlokoak barne hartuta. 
b) Nafarroako biztanleen % 100 kalitate handiko ur gordina duten iturrietatik hornituko da, kontsumo-uren inguruko araudia betez. 

Lehen puntuan nabarmendu egin behar da kostuak berreskuratzea Uraren Esparru Zuzentarauan ezarritako printzipioetako bat dela, Europar Batasuneko herrialde kideek nahitaez bete beharrekoa, eta plan zuzentzaile honek erantzuna eman beharreko erronka nagusietako bat dela. Gaur egun, Nafarroan ez dago gastatzen duena berreskuratzen duen kudeaketa-sistemarik, zenbait partida ez direlako aurreikusten kontuetan, esaterako, azpiegituren amortizazioa, eta beste batzuk ez direlako kontuan hartu ere egiten, esaterako, ingurumen-kostuak. 

Horregatik, bide luzea geratzen da egiteko, baina dagoeneko martxan jarri behar da plan hau, gero proposatutako mugarrien progresibitatea berrikusten bada edo oso laburrak izan daitezkeen epeak luzatzen badira ere. 

Sentsibilizazio- eta hedapen-helburuei dagokienez, esparru horietarako inbertsioa 2024an aurrekontu osoaren % 0,75 izango dela ezarri da. Horretarako, uraren ziklo integralari buruzko hezkuntza-programak, jokabide egokien gidak, sentsibilizazio-kanpainak, informazio-ekintzak eta abar diseinatuko dira. Azkenik, esan beharra dago I+G+B esparruan, 2024rako aurreikusitako inbertsioa aurrekontuaren % 1,5ekoa dela eta ikerketa-lerro hauetan ardaztuko dela: potabilizazio- eta arazketa-tratamenduak hobetzea, azaleratzen ari diren kutsagarriak, lohien kudeaketa, ura berrerabiltzea edo hobekuntza energetikoa.