"Egiten diren azterketa guztiak praktikoak dira" · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2018
LIFE NADAPTA

“EGITEN DIREN AZTERKETA GUZTIAK PRAKTIKOAK DIRA"

Jairo Gómez Nafarroa Hegoaldeko eragiketa- eta mantentze-teknikaria da eta baita I+G arloko atazen arduraduna ere. Esparru hori jendeari hurbiltzeko asmoz, laguntza pertsonala eskatu dugu honako hauek azaltzeko: zer egiten dugun, zer ibilbide izan duen I+G+B arloak NILSAn, nork gauzatzen duen eta hiritarrek arlo hori ondo ezagutzeko balioko duten beste kontu batzuk, askotan aipatzen den arren, zertan datzan inork oso ondo ulertzen ez duen arloa. 

Hori guztia argitzeko, Gómezek hizkera arrunt eta bakunean azalduko dizkigu kontu hauek: 

NILSAn beti egin izan dugu apustu ikerketa aplikatu eta praktiko baten alde, gure teknologiak egungo eta etorkizuneko premietara egokitzen lagunduko digulakoan. Duela pare bat urte arte, NILSAn egiten ziren I+G proiektuak barnekoak izaten ziren beti, aldian behin estatuko proiekturen batean edo bestean partzen bagenuen ere. Duela bi urtetik hona Europako bi proiektutan ari gara parte hartzen: LIFE Nadapta eta POCTEFA Outbiotics. Lehengoaren koordinatzailea María José Castuera nire lankidea da eta memoria honetan badago hari buruzko beste atal bat, zertan datzan azaltzen duena.  

Kontuan izan behar da I+G+B enpresaren departamentu teknikoen egiteko gisa hartzen dela, baina NILSAren kasuan, azterketa asko Tuterako araztegian garatzen dira, han esperientzia baitaukagu tratamendu desberdinen instalazio pilotuen eraikuntzan eta eragiketan eta baita saiakuntzetarako laborategi analitikoa ere.  

Ni arlo horretan sartzearen arrazoi gisa esan behar dut NILSAn sartu aurretik CEITen amaitu nuela nire doktore-tesia, NILSAk finantzatutako proiektu batean. Proiektu horretan lohien tratamendu desberdinak aztertu eta alderatzen ziren Tuterako araztegirako eta tamaina txikiagoko beste instalazio deslokalizatu batzuetarako tratamendu egokiena aukeratzeko. Digestio anaerobio mesofiloa eta termofiloa eta digestio aerobio termofiloa alderatu ziren. Prozesu bakoitzean lortutako emaitzak ez ezik, gure lohien ezaugarri partikularrak, linea desberdinen isurketak, lohien lekualdaketa eskatzen zuten araztegien arteko distantziak eta abar hartu ziren kontuan. 

Azterketa horretatik hiru doktore-tesi atera ziren:

  • bat, digestio anaerobio mesofiloari eta termofiloari buruzkoa, Estibaliz Hueterena.
  • bigarrena, lohi-digestoreen modelatze matematikoari buruzkoa, Mónica de Graciarena.
  • eta nirea, digestio aerobio termofiloari buruzkoa. 


Hainbat artikulu zientifiko ere argitaratu ditugu inpaktu-indize handiko aldizkarietan eta digestore aerobio termofiloen aireztatze- eta nahasketa-sistemaren patente bat. Hemen aurki daiteke azterketa horren laburpen bat: “Advancing with ATAD” WET October 2017. Urte hauetan ikasitakoari esker, lohien egonkortzeari buruzko eskola ematen dut CEDEXen hondakin-uren tratamenduari eta araztegien ustiapenari buruzko ikastaroan. 

Ni 2007an sartu nintzen NILSAn, CEDEXekin lankidetza-hitzarmenetako aurrena garatzen hasi zenean, hain zuzen ere, araztegiko lohien tratamendu-aukerak aztertzeko. Azterketa horren ardatza egonkortze-maila desberdinak eta prozesu bakoitzean lortutako patogenoen ezabatze-maila desberdinak analizatzea zen, hainbat jatorritako lohiak alderatuz. Azterketa horretatik hainbat argitalpen atera ziren. Aipagarria da CEDEXekin batera argitaratu genuen liburua: Araztegiko lohiak lurzoruetan aplikatzeko irizpideak: egonkortasuna eta higienizazioa.  Aldi hartan, gainera, hainbat hitzarmen sinatu ziren Nafarroako Unibertsitateko Landare Fisiologiako Departamentuarekin, eta hitzarmen horiei esker ikasi ahal izan genuen gure lohiak alpapak nitrogenoa atxikitzeko aplikazioan duen eraginari buruz edo pikillo-landarearen gaixotasun baten gainean duen eraginari buruz.  

Urte batzuk geroago lankidetza-hitzarmena sinatu genuen Zaragozako Unibertsitatearekin, dezente kezkatzen gaituen gai baten inguruan: Zer gertatzen da mikroorganismo patogenoekin gure araztegietan? Sarrerako urarekin batera iristen dira, baina horien eboluzioa analizatu behar da. Eboluzio hori hiru etapa berezitutan aztertu zen.
 

  • Ur-marra: Haren ezabaketaren alderaketa tratamendu desberdineko instalazioetan.
  • Lohi-marra: Haren murrizketa tratamendu desberdinetan tenperaturaren eta tratamendu-denboraren arabera.
  • Araztegiko lohien aplikazioa lurzoruetan: Lohietan geratzen diren mikroorganismo patogenoen eboluzioa, aplikatzen denetik uzta jasotzen den arte. Azterketaren ondorioz hainbat argitalpen egin ziren aldizkarietan, parte-hartzeak biltzarretan eta Andrea Lópezen doktore-tesia, 2017an aurkeztutakoa. 

Patogenoen arazoarekin batera, beste kezka bat sortu da: Lehentasunezko substantziak eta substantzia gainerakorrak. Ur eta lohietan aztertzen hasten diren eta araztegi konbentzional bateko tratamendu-sistemetan nekez ezabatzen diren substantzia guztiak: kafeina, pestizidak, antibiotikoak, ibuprofenoa… Gaiari aurre egiteko, 2014an lehen hitzarmena sinatu zen Zaragozako Unibertsitatearekin haien tratamendurako metodoak aztertzeko. Aztertutakoen artean konparazioa egin zen eta fotokatalisian oinarritutako teknologia bat garatu zen titanio dioxidozko nanopartikulekin. Teknologia hori 2018an patentatu zen. Garapen teknologiko horrekin araudi berrien etorkizuneko murrizketei aurrea hartu nahi genien. 

Esparru horretan, Nicolás Armendárizen master-amaierako lana, Silvia Escuadrak hainbat urtetan egindako lan bikaina eta gaur egun doktore-tesia arlo horretan gurekin egiten ari den Samuel Molesek egindako lana nabarmendu behar dira. 

Azken urte hauetan buelta asko eman dizkiogun beste gai bat uren tratamenduko marretan mantenugaiak ezabatzeko hobekuntza da. Alba Dúcarrek desnitrifikazioko iragazki biologikoei buruzko master-amaierako tesia nabarmendu behar da edoDaniel Leónek zentrifugoen itzuleran fosforo-prezipitazioari buruz master-amaierako proiektua izaten amaitu zuen azterketa. Proiektu hori Urbaser Katedrarekin saritu dute eta 2018ko Ingurumen Zientzietako bigarren proiektu onenaren saria ere lortu du. 

Eta laburpen horren ondoren, une honetara iritsi gara, LIFE Nadapta eta POCTEFA Outbiotics proiektuekin. Biak deskribatu dira memoria hauetan eta NILSAko langile askoren parte-hartzea eskatzen dute. 

LIFE Nadapta proiektuan, NILSAtik honako gai hauek lantzen ditugu: gainezkabideak monitorizatzea, sareko ur garbiak ezabatzeko drainatze jasangarria, araztegiak sentsorez hornitzea haien tratamenduen ulermenean eta optimizazioan irabazteko, konposta egiteko teknikak, eguzki bidez lehortzea, lohiak konpost bihurtzea eta itzulkin kontzentratuetako fosforoa prezipitatzea, araztegiaren irteeran haren kontzentrazioa murrizteko eta lohira itzultzeko aukera emango diguna bere ezaugarri agronomikoak eta ongarritzekoak aberasteko. 

POCTEFA Outbiotics proiektuaren ardatza ibai eta araztegietan antibiotikoak aurkitzea eta haiek ezabatzeko garapen teknologiko egokiena lortzea da. Betiere, ezabatze posible onena haren erabileran kontrol egokia egitea dela jakinda. Nabarmendu nahiko nukeen gauza bat da, argi geratu ez bada ere, egiten diren azterketa guztiak praktikoak direla, hau da, enpresan dagoen premia bati erantzuten diotela edo seguru asko etorkizunean izango diren premiei buruz ikasteko balioko digutela… Eta babes zientifikoa eta teorikoa behar badugu, hor ditugu unibertsitateak edo ikerketa-zentroak. Beti dira aliatu handiak. 

“Hala moduz” lanean ari garela ziurtatzeko, akreditazioaren gaiari heltzea erabaki dugu aurten. Horretarako, UNE 166002 I+G+B kudeaketa-kalitatearen egiaztagiria lortzeko aurkeztu ginen, eta batere desadostasunik gabe lortu dugu. Tuterako araztegian praktikak, proiektuak edo doktore-tesiak egin dituzten pertsona guztiei egin duten lana eskertu behar diegu, egunero-egunero egon direlako instalazioan horrenbeste ikasteko balio izan diguten analitika horiek guztiak egiten. Eskerrik asko Esti, Diana, Nazareth, Lucía, María, Alba, Guillermo, Dani, Nico, Paula eta Nataliari… (eta barkatu norbait aipatzea ahaztu bazait). 

Gaur egun lanean jarraitzen dugu atal honek gero eta garrantzi handiagoa izan dezan enpresan eta gizarteari argi eta garbi ezagutarazten asma dezagun. Pertsonalki, NILSAn hamahiru urte horiek igaro ondoren, eskerrak eman behar ditut teknikari lana I+G+B arloan egindako lanarekin uztartu ahal izateagatik, CEITen duela hamazortzi urte hasi nuen ikerketa-lanarekin jarraitzeko aukera eman didalako.