LIFE NADAPTA · Memorias NILSA

Memorias Nilsa 2018
LIFE NADAPTA

LIFE NADAPTA

LIFE IP NADAPTA-CC proiektu integratua 2017aren amaieran jarri zen abian. Hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean klima-aldaketarekiko erresilientzia handitzea eta 2017-2030erako Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orria martxan jartzea (Parisko COP21 konpromisoak) du helburu.  

Horretarako, proiektuak iraungo duen 8 urteetan, zenbait ekintza jarriko dira martxan identifikatutako sei alor nagusietan: klimaren monitorizazioa eta uraren egokitzapenezko erabilera, basogintza, nekazaritza, osasuna eta lurralde-azpiegitura eta -plangintza. Proiektuaren barruko 53 ekintzetatik, uraren alorreko hiru ekintza gidatzen ditu NILSAk, eta nekazaritza-estrategiaren alorreko beste ekintza batean ere parte hartzen du. 

Hain zuzen, uraren alorreko ekintza hauek gidatzen ditu NILSAk:

  • Hondakin-urak tratatzeko instalazioekin eta saneamendu-sareekin lotutako ingurumen-larrialdien alerta goiztiarrerako sistema bat ezartzea.
  • Hiri-estolderien sareak hobeto egokitzea, hiri-inguruetan drainatze-sistema jasangarriak ezarriz, eta Nafarroan saneamendu-sistema jasangarriak ezartzeko araudi berri bat garatzea.  


Lehenengo helburuari dagokionez, 2018an, abian jarri zen prozesu-uren ekipamendua eta monitorizazioa Tuterako, Lizarrako, Arga Behereko, Ega Behereko, Villafrancako, Ebro Behereko eta Azagrako hondakin-uren araztegietan. Maiatzean, analizagailu multiparametriko bat erosi eta jarri zuten martxan (karbono organikoa, nitrogenoa eta fosforoa) Tuterako HUAn. Analizagailu multiparametriko horrek neurketak egin ditu ur-lerroaren hiru puntutan (efluentea, bitartekoa eta isuria). Beste kontrol-instalazio batzuk diseinatzean, konfigurazio bera errepikatuko da, oso fidagarria delako eta kalitate oneko informazioa ematen duelako karga handiko sarrera puntualei buruz (fosforoa eta karbono organikoa) eta HUAk karga hori tratatzeko duen gaitasunari buruz (isurketa-mugak betez).  Halaber, Tuterako isurketa-kontrolen aretoa ekipatzen amaitzeko eta baretze-guneak kontrolatzeko instrumentazio- eta kontrol-ekipoak erosi dira, baita bestelako ekipoak ere (eroankortasunaren, pHaren, amonioaren, nitratoen eta uhertasunaren neurgailuak) beste HUA batzuetarako (Azagrakoa, Ega Beherekoa eta Villafrancakoa).  

Bestalde, laginak hartzeko 13 gailu automatiko erosi dira 50.000 hektareatik gorako HUAk ekipatzeko (7 ekipo egonkor hotz eta 6 eramangarri). Euri asko egiten duenean baretzeguneei segimendua egiteko ekintza aurrera eramateko ere erabili dira horiek. Hain zuzen, Lizarran, Tuteran, Ebro Beherean, Arga Beherean eta Ega Beherean instalatu dira laginak hartzeko gailu horiek.    

Industria mota desberdinetatik datozen urak aztertu dira alerta-sistemak instalatzeko zer tresna erabili aztertzeko, eta, euri asko egiten duenean eta sareak gainezka egiten duenean, araztegietan eta ingurunean sortutako inpaktuak prebenitzeko tresneria zehazteko. 

LIFE NADAPTA

Horrez gainera, saneamendu-sistemen gainazkatze-puntuen plangintza bat egin da. Puntu horiek 50.000 biztanletik gorako populazioetarako HUA eta kolektoreetan ezarriko dira, LIFE finantziazioarekin.  Zehazki, 9 puntu berri ekipatu dira (Lizarrako, Tuterako eta Ebro Behereko hiri-aglomerazioak). Web aplikazioan ikusteko aukera dago.  

Urte amaieran, baretzeguneetako solido flotatzaileak murrizteko neurri prebentiboak ezartzen hasi ziren, euri askoko garaietan ibilguetan duten eraginagatik (ponpa adimentsuak, baheak eta deflektoreak).  

Beste helburuari dagokionez, NILSA drainatze jasangarriko prototipo bat eraikitzeko pausoak ematen hasi da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako Kanpusean. 2018an, jasotze topografikoa, proiektuaren zirriborroa eta jariatze-uren karakterizazioa egin ziren.    

Bestalde, nekazaritza-alorreko ekintza batean ari da parte hartzen NILSA. Hain zuzen, medeagarri organikoak egiten ari da, ekonomia zirkularraren esparruan. 2017 eta 2018 artean, zenbait prototipo jarri ziren martxan. Hauek dira prototipo horien ezaugarri nagusiak: 

  • Eguzkitan lehortzea: planta pilotu bat jarri da martxan, Tuterako plantako lohiarekin.
  • Konpostajea: bi konpostaje-fase oso egin dira pila aireztatu eta iraulietan. Hobekuntza handia lortu da prozesuaren kontrolean, eta 2019an landa-lanean aplikatzeko behar den materiala lortu da. 
  • Fosforoaren hauspeatzea: fosforoa hauspetatzeko beharrezkoak diren parametroak zehaztu dira. Hala ere, prozesuaren ezagutza eta optimizazioa lantzen jarraituko da, plantetan aprobetxa daitekeen hauspeakina lortzeko.  


Hedapenaren atalean, azpimarratu behar da, azken hiruhilekoan, bi jardunaldi antolatu zituela NILSAk. 

  • Azaroaren 21 eta 22an, hirigintzako drainatze-sistema jasangarriak hedatzeko jardunaldiak antolatu ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoan, “Gestión integral de aguas de escorrentía urbana: un nuevo reto para los municipios” izenburupean. Hiru bloketan banatu ziren: gai teknikoak, arauzko alderdiak eta hainbat udalekin eta saneamendu-alorreko kudeatzaileekin izandako esperientziak. Guztira, 177 lagun joan ziren jardunaldi horietara.  
  • Abenduaren 12an eta 13an, ekintza hau zabaltzeko jardunaldiak egin ziren: araztegietako inpaktuak prebenitzeko alerta goiztiarreko sistemak eta kontrol-sistemak. Abenduaren 12an, 89 lagunek hartu zuten parte saneamendu-alorreko hainbat erakundek emandako lau hitzaldietan. Horietan, jatorrizko kontrolaren eta alerta-sistemen alorreko esperientziak azaldu zituzten, ibilgu hartzaileei eragindako inpaktuak prebenitzeko. Abenduaren 13an, berriz, bost lan-talde antolatu ziren (60 lagun). Jardunaldiak amaitu baino lehen, lan-talde horien ondorioak azaldu zituzten. Ondoren, Tuterako HUA bisitatu zuten, eta aztergailu multiparametrikoa, baretze-sareko “data logger”-ak eta konpostatzeko, eguzkitan lehortzeko eta fosforoa hauspeatzeko prototipoak ikusi ahal izan zituzten bisitariek.  


Ekitaldi horiek antolatuz eta beste batzuetan parte hartuz, sare bat sortu ahal izan da Europa mailako beste proiektu batzuekin. Horietako bat da LIFE VERTALIM programa, zeinaren bidez arrain-kontserben enpresek kolektoreetara egindako isuriek sortutako inpaktua murriztu nahi baita, enpresa horien hondakin-urak modu kontrolatuan integratuz hiri-saneamendu sisteman. Halaber, LIFE ANADRY programa aipatu behar da: tamaina ertain eta txikiko hondakin-uren araztegietako lohien ingurumen-kudeaketa egokiaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa frogatu nahi duen proiektua, lortutako emaitzak antzeko arazoak dituzten alorretara bideratuz (estatu mailan nahiz nazioartean).